lunes, 14 de noviembre de 2011

Tristura eta Amorruarena


Gizakia inoiz heldu ezin izango den erresuman, edo, beharbada, konturatu ere egin gabe beti dabilen erresuman, ukiezina konkretu bihurtzen den erresuman, bazen behin, ur garden eta garbiko putzu eder bat. Kolore guztietako arrainak aurki zitezkeen bertan, eta berdearen tonalitate guztiak islatzeko gaitasuna zuen ur garden eta garbi hark. 
Behin, tristura eta amorrua eskutik hartuta joan ziren bainutxo bat hartzeko asmotan. Arropak erantzi, eta biluzik sartu ziren putzura.
Amorrua, beti bezala, estututa eta kezkatuta —zergatik jakin gabe—, laster batean bainatu zen, eta are lasterrago, uretatik irten. Baina amorrua itsua zenez, edo behintzat ez zuen errealitatea argi eta garbi ikusten, irtetean aurkitutako lehenengo arropak jarri zituen: tristurarenak.
Eta horrela, tristuraz jantzita joan zen amorrua.
Lasaitasun osoz, tristurak bainua bukatu eta inolako presarik barik —hobeto esanda, denboraren iraganaz konturatu barik—, alpertuta eta astiro-astiro,  putzutik irten zen. Orduan konturatu zen berak ekarritako arroparik ez zela han, eta tristurak zerbait gorrotatzen bazuen, zerbait hori, biluzik geratzea zen.
Ordutik hona, itsu, maltzur, eta haserrekorra den amorruarekin topo egitean, ondo begiratuz gero, sarritan ikusten dugun amorru hori mozorro bat baino ez dela konturatzen gara, eta mozorro horren atzean ezkutatuta dagoela tristura.